XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.5. Partitiboa

Partitiboan doazen bi izen sintagma juntatzen baditugu, izen sintagma juntatuak partitiboan segitzen du eta, horrenbestez, ez dute plural komunztadurarik ezarriko aditzean:

(241) Joan konfesore on bategana ta esan oni erakatsi dezola nola prestatuko dan, batez ere libururik eta erakurterik ez badu (J.A. Mogel, Konfesioe ta Komunioko erakasteak, 164)

(242) Nork nahi du ordean etxerik eta lurrik erosi? (J. Hiriart-Urruty, Zezenak Errepublikan, 65)

2.6. Aditza sintagma juntatuen aurrean

Enumerazioetan, eta bereziki aditza aurrean delarik, komunztadura singularrean egin daiteke, juntagai guztiak singularrekoak badira noski:

(243) Zuek badaukazute etxetxo bat, soñeko bat, oe bat, sua eta zopa beroa (G. Arrue, Santa Genobeba, 136).

Dena den halakoetan pluraleko komunztadura ere egin daiteke.

Aditza aurrean eta komunztadura singularrean erakusten dute beste adibide hauek ere.

Egitura edo hurrenkera honek errazago egiten du, itxura denez, plural komunztadurarik eza.

Pentsa liteke aditza aurretik doanean eta juntaturiko sintagmak ondoren, izen sintagma juntatuak barik bi perpaus ditugula.

Doinuerak berak, intonazioak, horretara bultzatzen gaituela ematen du:

(244) Bizkairik geijenak Erriojara darua dabena ta eztahena (J.A. Mogel, Peru Abarka, 93) .

(245) Har dezagun (...) apezpikuen multzoa eta pipa-hartzaileena (K. Mitxelena, Idazlan hautatuak, 230).

(246) Begiratzen dio (...) Jesu-Kristoren bigarren etorrerari, eta kristaurik geienen bizitza lotsagarriari (J.B. Agirre (Asteasukoa), Erakusaldiak III, 465)